Edukira joan

Goierriko Hitza

Olaberria
2008ko abuztuak 29, Ostirala

;2008-07-20;UDALA. OEO udal taldeak ´irainak» salatu eta bere kontrako akusazioak gezurtatu ditu

OEO udal taldeak «irainak» salatu eta bere kontrako akusazioak gezurtatu ditu

Olaberria EAE-ANV udal taldeari zegokion dirua Auzitegi Nazionalaren aginduz gorde dutela azpimarratu dute

arkaitz apalategi

Olaberriarekin Eta Olaberritarrak (OEO) udal taldeak gogor erantzun die aste honetan Olaberriako hautetsi independentistek egindako salaketei. Euren kontrako «irainak» eta «gezurrak» salatu dituzte, eta ukatu egin dituzte hautetsi independentisten akusazioak.

OEO taldeak dionez, «hautetsi independentista deitzen diote beraien buruari. Beren talde izena, EAE-ANV, izen horrekin estali nahi duten arrazoi beragatik gorde da, ez kendu, EAE-ANVri, eta ez beste inori, ez zinegotzi hautetsiei dagokien dirua, nahiz eta gure ere ados ez egon erabaki horrekin». Prentsa oharrean zehazten dutenez, «inori ez diogu dagokionik kendu. Ez dirurik, ez eskubiderik». Erabaki honen arrazoia, «agindu zuzen bat izan da, Auzitegi Nazionaleko 4/2008 PA autoa, diru hori gordetzera behartu gaituena eta hor dago, eta hor egongo da, askatu ahal izango den bitartean».

Diru kontuen gaiari ez ezik, OEO taldeak, beste salaketa batzuei ere erantzun nahi izan die. «Ezkontzeko eskubidea ez zaio inori ukatu; ahalmen hori alkatearena da eta honek beste edonorengan eskuordetu dezake». Hautetsi independentista batek eskaria egin eta handik gutxira, «beste eztabaida batean, prebarikazio salaketa egin zion zinegotzi horrek berak alkateari, inongo probarik gabe; liskar horren ondorioz ukatu zitzaion eskuordetze hori».

Batzar aretoari dagokionean berriz, «aretoa edozein alderdi ekimenetarako erabiltzea, hauteskunde garaian izan ezik, debekatuta» dagoela gogorarazi dute OEO taldeko hautetsiek. «Beraiek eskatu zutenean, interes pribatu batzuen aldeko bilera bat egiteko, lokal publiko bat egokitu zitzaien, eta ontzat hartu ordez, udaletxea asaltatu zuten, gutxienez hiru alditan».

Lan batzordeak

Lan batzordeen inguruan, «gure herrian ez dira irekiak», hala gogorarazi dute OEO taldeko kideek. «Partaide izateko bi baldintza onartu zituen udal plenoak, ez gure alderdiak; Olaberrian erroldatuta egotea eta Olaberrian bizitzea». Erabaki honen aurrean, «beraien arazoa, Olaberrian bizi ez dela denok dakigun bat, lan batzordeetarako izen ematera etorri zenean sortu zen». Arartekoarengana «gezur borobila» esanez joan zirela iritzi dio OEOk.

Aurrekontuak

Olaberriako udal aurrekontuak «gehiengoak onartu» zituela ere gogorarazi nahi izan dute OEO udal taldekoek. «Etxebizitza sozialak ziren gunen hotel bat eraikitzea erabaki dela salatzen dute». Erabaki hau, «Goierrin dagoen gela eskasiari aurre egiteko» hartu zela diote. «Olaberrian lehen ere eraiki dira prezio tasatuko hainbat etxebizitza, eta orain ere eraikitzera doaz beste zortzi».

Biribilguneari dagokionean, galdera bat luzatu dute. «Olaberritar guztiak harro sentiarazten gaituen paisaia ederrari buruzko eskultura batean, aurrekontuen %5a baino gutxiago gastatzea xahuketa bada, zer da Arcelor Mittal bezalako multinazional bati bere propietate batetik beste batera joateko pasabidea ordaintzea?».

Azkenik, hondakindegiaren gaian, «udalak behin-behineko baiezkoa» eman ziola azaldu dute, «AHTko lurrekin beteko den zulo batean lorategi botaniko bat egiteari». Gai honetan, «udala oraindik ere zain dago zer erantzungo dioten herritarrei argi eta garbi adierazteko, beti egiten duen bezala, nola geldituko den betelan hori».

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.