
Udalak oinarrizko eskubideak urratu dizkiela salatu dute hautetsi independentistek
Olaberria Taldeari dagokion dirua kendu eta herritarrak ezkontzeko eskubidea ukatu dietela diote.
arkaitz apalategi
2007ko udal hauteskundeetatik hamalau hilabete pasa direnean, Olaberriko hautetsi independentistek «oinarrizko eskubideak urratu» zaizkiela salatu dute. Euren hitzetan, «diktadura garaian bezala, orain ere eskubideen urraketa larri bat pairatzen ari gara». Egunotan kaleratu dute Olaberriko Berriak aldizkariaren hirugarren zenbakia, eta «herritar asko zain» zeudela eta «harrera ona» izan duela diote.
Olaberrian EAE-ANVk bi zinegotzi lortu zituen iazko maiatzeko udal hauteskundeetan. Zerrenda legezkotzat jo bazuten ere, Olaberriko Udalean euren eskubideen kontrako hainbat erabaki hartu direla salatu dute hautetsi independentistek. «Hemen ez da inongo mozio etikorik onartu, baina otsailean gure taldeari dagokion dirua kentzea erabaki zuen alkateak. Gu ez gaude suspentsio egoeran, eta hori argitu egin beharko dute». Ostegun honetan egingo den udalbatzarrean «bere jarrera argitzeko» eskatuko diote alkateari eta bere taldeari.
Baina diru kontuak blokeatzea ez da izan erabaki bakarra, hautetsiek salatu dutenez. «Udaletxe honetako bi zinegotzi izanda, alkateak ez digu batzar aretoa erabiltzeko baimenik ematen bilerak egiteko. Areto honetan denetik egin izan da, baina guri ukatu egin digute».
Arartekoarengana jo dute
Euren eskubideak urratu direla iritzita, Olaberriko hautetsi independentistek Arartekoarengana ere jo dute. «Lan Batzordeetan parte hartzeko trabak jarri nahi izan dizkigute. Parte hartzeko baldintza moduan jarri zuten herritarra eta bertan erroldatua izatea. Hori espreski zinegotzi izandako herritar bat baztertzeko egin zuten». Kontu hori dela-eta Arartekoarengana jo zuten. Hark gaia aztertu eta espedientea irekitzeko adina arrazoi bazeudela erabaki zuen. «Guk ez dugu presarik, baina argi geldituko da gai honen inguruan Udalaren jarrera ez zela garbia izan».
Zinegotziei dagokien ezkontzeko eskubidea ere ukatu egin zaiela diote. «Herritar batek eskaria egin zuen udaletxean, gutako zinegotzi batek ezkon zitzala nahi zuelako, eta alkateak ez zigun baimenik eman. Modu legalean egonagatik, eskubide hori ere ez digute eman nahi».
Aurrekontuak
Udal aurrekontuen inguruan ere euren desadostasuna erakutsi dute hautetsi independentistek. Batetik, eskola zaharren tokian egin nahi duten hotelaren proiektua salatu dute. «Eskoletan zeuden sei etxebizitza sozialak kendu egin nahi dituzte, hotel bat egiteko. Guk etxebizitza sozialak mantentzeko eskatzen dugu». Gogoeta sakon bat ere eskatu dute gai horren inguruan. «Etxebizitzaren gaian herriko diagnosi bat egin beharko litzateke, benetan zenbateko beharra dagoen ikusteko».
Bestalde, Ihurren eginda dagoen biribilgunerako burdinezko figura bat jartzekoa da Udala. «10 milioi pezetako partida bat bideratu dute horretarako. Guk diru hori biribilgune berrian oinezkoentzako pasabide bat egiteko erabil dezatela eskatzen dugu».
AHTren hondakindegia
Abiadura Handiko Trenaren lanak direla eta, Olaberrian hondakindegi bat egiteko asmoa dago, Ihurreko biribilgunearen inguruan. «Eusko Jaurlaritzatik egin zuten proposamena, eta Udalak baiezkoa eman zien. Gero lorategi botaniko bat egin nahi dute hor. Guk horren inguruan galdetu diegu, baina ez digute informaziorik eman nahi izan».
Musika
Triki-afaria
LAZKAO, Maizpideko jangelan - 2008-08-28
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.