Edukira joan

Goierriko Hitza

Olaberria
2008ko abuztuak 29, Ostirala

;2008-06-20;JAIAK. Sua eta festa 'sanjoanetan'

Olaberria ðð Tradiziotik hartutako ospakizunak eta haur, gazte eta adinekoentzako ekitaldiak uztartu dituzte aurten ere, bihar hasiko diren Olaberriako San Joan jaien egitarauan.

Sua eta festa 'sanjoanetan'

arkaitz apalategi

Urteko egunik luzeenaren inguruan ospatzen dituzte urtero Olaberriko festak. San Joan jaiak izaki, egun horren bezperan egiten den sua bihurtzen da protagonistetako bat. Astelehenean suaren inguruan erromeria egingo dute herriko dantzari eta txalapartariekin. Tradizioa eta adin guztietako herritarrentzako ekitaldiak uztartzen ditu aurtengo egitarauak.

Festei merezi duten hasiera emateko Dotore Eguna izendatu dute biharkoa. Jantzirik dotoreenekin atonduta aterako dira kalera herritarrak. Goizeko hamarretan hasita kirol ekitaldiak izango dira. Aurrena, jubenilen Gipuzkoako Itzuliko etaparen irteera izango da. Ordu berean, San Joan pilota txapelketako partidak jokatuko dituzte frontoian. Arratsaldean zehar herriko umeentzako jolas parkea jarriko dute, puzgarri eta txoper pistarekin; apar festa ere izango da. Egunaren bukaeran botako dute txupinazoa, eta sardina jana eta ardo dastaketa egingo dituzte plazan. Dena McJeara´s Band taldeak lagunduta.

Igandean ere kirolarekin hasiko dute eguna. Gipuzkoa mailako bola txapelketa jokatuko dute 10:00etatik aurrera. Gomazko pala txapelketa eta herri mailako plater tiraketa ere egingo dituzte goizean zehar. Arratsaldean erraldoi, buruhandi eta gaiteroek jarriko dute festa giroa, eta iluntzean taloak eta sagardoa izango dira. Gauean, berriz, su artifizialak botako dituzte.

Astegunez ere festa

Olaberriko festak ez dira asteburuarekin bukatuko. Izan ere, haurren eguna ospatuko dute astelehenean. Egunean zehar umeentzako jolasak eta tailerrak izango dira. Bazkaria ere egingo dute. Ohitura zaharrek ere izango dute tokia festetan; iluntzean loreak bedeinkatuko baitituzte eliza atarian.

San Joan bezpera dela eta, suaren inguruan egingo dituzte gaueko ospakizunak. Arkume parrillakada jan ondoren piztuko dute sua plazan, eta dantzariek eta txalapartariek lagunduta erromeria egingo dute. Jai giroan jarraitzeko, mariatxien emanaldia izango da goizaldera arte.

Tradizioarekin jarraituz, asteartean ospatuko dute San Joan eguna. Goiz eresiaren ondoren elizkizuna izango da, Olaberriko Zeba abesbatzak lagunduta. Arratsaldean, berriz, haurrek Gorritiren animaliekin jolas egiteko aukera izango dute.

Herri kirolak ere ezin falta herriko jaietan, eta astearte arratsaldeko seietan Ataungo Aierbe aita-semeak Jauregiren eta Dorronsororen aurka ariko dira. Bertsolarien saioarekin bukatuko da festa.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.